Aholkulari baten tribulazioak


Etxean nago, adrenalina jaisten dabil apurka apurka. Ordenagailuaren aurrean kokatzen naiz zeozer idazteko prest. Garagardo bat irekitzen dut burua laguntzeko. Ikastetxe batetik nator,  HEZIBERRIari buruzko moduloak bukaturik. Pasa den astean "problema-egoerak" izan ziren gaia, gaur gaitasunen ebaluazioa. Irakasle majuak, hurbilak, batzuk ezagunak. Badakit zenbat kostatzen den klasetik ateratzea eta prestakuntza batera joatera, nik neuk bizi izan nuelako. Oso ondo dakit prestakuntza praktikoa baldin ez bada, teoria mailan geratzen bazara,  denbora galtzeko sentzazioarekin  ateratzen zarela. Horregatik nire formazioak adibidez beteta daude, horregatik ikasgelan probatutako ekintzekin laguntzen saiatzen naiz, horregatik haiek jarduera batzuk egitera behartzen ditut. Baina ez da nahikoa. Niri paper saila benetan dagokit, aholkularia, mezularia, guztiek akabatzen dutena.


Nik, aholkularia izanda, nahiz eta artikulo eta liburu irakurri, Internetetik beste irakasleen lanak eta iritziak kontrastatu arren, teoria guztia barneratu ondoren nire kabuz interpretatzen saiatzen ("mojatzen naiz") banaiz ere, ez daukat kredibilitaterik, argi eta garbi. Saioak aurrera joaten diren bitartean, hainbeste egoera problematikoak, elkarlana, IKTak, zeharkako eta arloko gaitasunak, errubrikak, portfolioak eta "integrazio-egoerak" aipatu eta adibideak jarri eta gero, irakasleen aurpegia tolesten doa. Ikusten dut gero eta hurbilagoa galderen txanda hurbiltzen dela, motorrak berotzen direla. 

Eta diskurtsoa errepikatzen da beti: " ez daukat denborarik", "hau ez da bat ere praktikoa, diseinatu duenak ez du idearik, ez du ikasgelarik inoiz zapaldu ",  "ikasle pilo daukat, ezinezkoa da eredu hau ikasgelara eramatea", "hau eskola publiko batean ezta pentsatu ere", " Batxilergoan pentsaezina, selektibitatea...", "hainbeste ikasgai ematen, nola da posiblea denbora ateratzea egoerak eta proiektuak pentsatzeko?", " honekin programa bukaezina bihurtzen da", "IKTak,  ja!, konexioa txarto dabil, ordenagailuen mantenua kostata lanperna, inoiz ez daude gaurkoturik...", "Hezkuntz Sistemak ez du..(jarri hemen nahi duzuna)....baimentzen"... gauza bera urtez urte, kezka berak hainbeste aldiz entzunda (parkatu irakasleok, baina egia hutsa da), askotan pentsatu dut benetan, FAQ antzeko bat egitea. Norbait ausartzen da?

Baina ezin dut egin,  erantzunak ez dakizkidalako. Jendea entzuten dudan bitartean, barruan pentsatzen dut: "bai, arrazoia dute guztiz,  errealitatea gogorra da", baina, gauzak horrela, beti pegak ikusten, nola demontre aldatuko da hezkuntza?,  kezka batzuk ez dira benetako topikoak?, non dago ilusioa?, badago?, hain nekatuta gaude?, hain negatiboak?,  Agian bai.

Eta gogoarrena niretzat, kontatzen dudana, egia da edo nik bakarrik sinesten dut? basamortu batean apostoladoa egiten nabil?

Eta gero, giroa jada beroturik, nire eskuhartzearen ebaluazioaren txanda, fitxa txiki bat, besterik ez, bi minututan egitekoa. Animorik ez, beno Pilar, ahaleginak egin dituzu, eskertzen dizugu,  baina ez da nahikoa, benetako adibideak ikusi nahi dituztela diote....non daude?, badaude? inor ez bada ausartzen, egongo dira?


Behin, bi orduko prestakuntza eman eta gero, irakasle batek esan zidan: "galdera bat egin ahal dut?", "nola ez, bota", "ba...guzti honek zertarako balio du?"

Eta ateratzen zara nekaturik, desanimatuta, pentsakorra...Eta datorren astean berdin.

Comentarios

  1. Kaixo, Pilar.
    Ez desanimatu, mesedez. Zu bezalako aholkulariak behar ditugu.
    Eta pentsa zure ahaleginak ez direla alferrikakoan izango. Zeuk hazia landatzen duzu eta horrek frutuak emago ditu, zuk ikusi ez arren.
    Aurrera jarraitu!

    ResponderEliminar

Publicar un comentario

Entradas populares de este blog

Las pruebas de la educación: mis apuntes

Arazo-egoeren adibideak, nondik atera ?

Arazo-Egoerak zientzia eta matematika arloetan